Alessandra Smerilliren hitzaldia: “La economía como camino hacia el cuidado, la justicia y el bienestar colectivo”
Deustuko Unibertsitateak Alessandra Smerilli Vatikanoko Giza Garapen Integralerako Dikasterioko idazkaria hartuko du datorren ASTELEHENEAN, maiatzak 11, 19:00etan. Egoitza Santuan eraginik handienetariko figura eta Elizaren agenda sozial eta ekonomikoan funtsezko elementutzat jotzen dute askok. «Ekonomia zaintzarako, justiziarako eta ongizate kolektiborako bide» hitzaldia emango du Bilboko campuseko Gradu Aretoan.
Gradu aretoko hitzaldiaren ondoren, Vicente Vide Deustuko Unibertsitateko Teologia Fakultateko dekanoak solasaldi bat moderatuko du. Bisita hau Arizmendiarrieta Kristau Fundazioaren ekimenez Bilbora egiten den bisita zabalago baten barruan egingo da, Arizmendiarrietaren Urtea (Enpresa Humanistaren Urtea) dela-eta. Joseba Segura Bilboko Elizbarrutiko Gotzainarekin bilerak izango ditu, eta topaketa bat Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuan.
Alessandra Smerilliren pentsamendua pertsonaren sustapen integralaren eta kreazioaren zaintzaren inguruan dago antolatuta, Elizaren Doktrina Sozialaren printzipioetan oinarrituta. Bere ikuspegia nabarmena da, guztiontzako etorkizun hobea eta bidezkoagoa eraikitzea ahalbidetuko duen garapen eredu berri bat bilatzea baitu goiburu.
Alessandra Smerelli
1974ko azaroaren 14an Vaston (Chieti) jaioa, Alesandra Smerilli ahizpa salestarra da, Maria Laguntzailearen alaba, 1997tik. Ekonomian lizentziaduna Roma Tre Unibertsitatean, Ekonomia Politikoan doktorea Erromako La Sapienza Unibertsitatean (2006) eta Ekonomian doktorea East Angliako Unibertsitatean (Norwich, Erresuma Batua, 2014). Ekonomia Politikoko eskolak ematen ditu Hezkuntza Zientzien Fakultatean (Auxilium).
Ekonomia Zibileko Eskolako kide sortzailea eta irakaslea, Ekonomia Kooperatiboko eskolak eman ditu Jesusen Bihotzaren Unibertsitate Katolikoan (Milan) eta LUMSA Unibertsitatean (Erroma); Ekonomiako, Etikako eta Finantzetako eskolak Salestar Unibertsitatean (Erroma), eta Nazioarteko Ekonomiako eskolak Laterandar Unibertsitate Pontifikalean. 2020ko apirilean, Giza Garapen Integrala Sustatzeko Dikasterioan hasi zen lanean, hasiera batean COVID-19rako Vatikanoko Batzordearen barruan, lantalde ekonomikoaren koordinatzaile gisa, eta, ondoren, idazkariorde, Dicasterioko bitarteko idazkari eta COVID-19rako Vatikanoko Batzordearen ordezkari gisa.
2022ko apirilaren 23an, Aita Santuak Giza Garapen Integrala Sustatzeko Dikasterioko idazkari izendatu zuen, eta 2023ko otsailaren 2an, Frantzisko aita santuak Laudato Si Goi Mailako Hezkuntzako Zentroko Administrazio Kontseiluko kide izendatu zuen.
Informazio gehiago: https://www.alessandrasmerilli.org /
