Deustuko Unibertsitateak ateak zabalduko ditu masterren eskaintza zabala ezagutzera emateko
Ikasketa horietan interesa dutenei orientazioa emateko, Deustuko Unibertsitateak ateak zabaltzeko jardunaldia antolatu du datorren asteazkenean, apirilaren 24an, entzungelaren ondoko klaustroan. 12:00etatik 18:00etara. Programetako ordezkariek master bakoitzari buruzko informazio pertsonalizatua emango diete hurbiltzen direnei.
Jardunaldi hau prestakuntza handiagoa lortu, espezializatu edo karrera birbideratu nahi duten pertsonei dago zuzenduta, bai eta karrerako azken mailan dauden edo titulua lortu berri duten ikasleei ere. Era berean, gaur egun mugikortasun eta truke programetan parte hartzen duten ikasleak, bereziki nazioartekoak, artatuko ditu Unibertsitateak. Horientzat guztientzat, informazio saio bat antolatu da, DUko master bat ikasteko egin behar denari buruzko xehetasunekin. Izan ere, Deustuko Unibertsitatean 1.729 masterreko ikasle daude, eta horietatik 213 nazioartekoak dira, 72 herrialde baino gehiagokoak. Horregatik, programa horietako kredituen % 31 beste hizkuntza batzuetan eskaintzen dira.
Masterretako ateak zabaltzeko jardunaldi honek Deustuko Unibertsitateak graduko ikasketak amaitu ondoren duen eskaintza ezagutarazteko beste ekintza batzuekin bat egiten du. Estatuko eta nazioarteko hainbat hezkuntza azokatan parte hartu da beste herrialde batzuetan, batez ere Latinoamerikan, baita online informazio saioetan ere. Horien guztien helburua Deustuko Unibertsitateko ikasketei buruzko informazioa eta aholkuak ahalik eta ondoen ematea da.