DeustoForum hitzaldia: La sociedad y la política frente a la extorsión de ETA contra los empresarios
Ikerketa proiektua
ETAren indarkeriak gogorren eraso duen gizarte kolektiboetako bat enpresari eta kudeatzaileena izan da eta, batzuetan, arlo askotako profesionalak ere bai. Gizarte talde horrek ETAren ekintzen eragin latza jasan izan du eta beste gizarte talde batzuen antzeko beste eraso bortitz batzuk pairatu dituzte maiz: mehatxuak, atentatuak eta jazarpena. Bestelako indarkeria mota berezi bat ere jasan izan dute: estortsio ekonomikoa, jarduera terroristaren nahitaezko finantzatzaile bihurtu dituztelarik. Mehatxua izan da, indarkeriazko ekintzez babestua, ETAk estortsionatuen borondatea makurrarazteko erabili izan duen ohiko tresna. Nahikoa izan ez denean, talde terroristak ez du inolako zalantzarik izan, eta bahiketak edo erailketa erabili izan ditu.
ETAren indarkeria terroristaren inguruko ikerketek hainbat gai eta ikuspegi batu dituzte: taldearen alderdi soziologikoak; dimentsio ideologiko eta politikoak; nazioarteko harremanak; eragindako biktimak; bilakaera historikoa; zenbait lurralde esparrutan izan duen jarduera; ETAren barne funtzionamendua; liderrak, estrategiak, etab. Hala ere, jorratu ez den gaietariko bat goian aipatutako taldeen kontrako estortsioko indarkeria hori izan da. Ez da nahikoa ikertu jasan duten jazarpenaren norainokoa, eta horrek guztiak bizikidetza demokratikorako eta jarduera ekonomikorako izan dituen eraginak.
Hutsune hori betetzeko, Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko ikertzaile talde bat, hasiera batean Bakeaz desagertutako hausnarketa taldea, ikerketa proiektua aurrera eramaten ari da: ETAren estortsioa eta indarkeria enpresari, kudeatzaile eta profesionalen aurka. Ikerketaren helburua da aztertzea eta dokumentazioa biltzea, diziplina anitzeko ikuspegitik, honako arlo hauek:
– Enpresarien kontrako indarkeriaren dimentsioa ikuspegi historikotik.
– ETAren finantzaketa mekanismoak.
– Politika eta gizartea ETAren estortsioaren aurrean.
– Indarkeria terroristaren eragina jarduera ekonomikoan.
– Estortsioaren dimentsio etikoa eta juridikoa.
– Estortsioaren ikuspegi politikoa eta poliziala.
Hitzaldia
Azalduko dute nola erantzun duten euskal gizarteak, orokorrean, alderdi politikoek eta enpresarien erakundeek ETAk hamarkada batzuetan zehar estortsioa jasan duten pertsonen presentzia deserosoaren eta xantaiaren aurrean. Horretarako, estortsioaren fenomenoaren azterketa sozioantropologikoa egingo dute, erreferentzia marko nagusi Erving Goffmanen teorizazioa dela, Primo Leviren lanak eragiten duen estigma eta interpelazio etiko handiaren gainean.
Horrela lortu nahi da mikro indarkeriak erabiltzearen azpian dauden dinamikak aztertzea, haien bidez euskal gizarteko sektore esanguratsuenak isilarazi egin dira eta beldurrezko psikosia sortu da, eskatutako xantaia ekonomikoa ordaintzea ukatu beharrean egon direnean. Estigmatizazioa indarkeria modura aztertzeko, lehenik eta behin, (intimidazioaren) beldurraren kurba aztertu behar da, hau da, estigma nola bihurtzen den operatibo, kontuan izanik enpresaria etsai modura hartzea eta haren eginkizuna desprestigiatzea, bereziki lehenengo aldietan, estortsioaren justifikazio sozialean garrantzitsuak izan dira nazionalismo erradikalaren ingurua baino arlo zabalagoetan.
Azkenik, alderdi politikoek eta enpresarien erakundeek estortsio terroristaren aurrean izan duten papera eta haien eboluzioa aztertuko dira, aldi hauetan banatuta:
– Burgosko epaiketatik lehen Eusko Jaurlaritzaren sorrerara (1970-1980).
– Otsailaren 23ko estatu kolpetik indarkeriaren aurkako itun politikoetara (1981-1989).
– Bidarten ETAren buruak erortzetik eta Oldartzen estrategia praktikan jartzetik, inguru politikoaren lehenengo ilegalizazioetara (1990-2005).
– 2006ko tregoatik ETAk estortsioaren behin betiko amaiera iragartzeko komunikatura (2006-2011).
Hizlaria eta haren lana
Izaskun Sáez de la Fuente Aldama, Soziologia eta Zientzia Politikoan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzietako Fakultateko Etika Aplikatuko Zentroko kidea da, Gizartea eraikitzeko Etikako Masterreko zuzendaria da bertan eta Gizartearen errealitateari aplikatutako Etikari buruzko ikerketa taldeko kidea da.
Haren azterketan bat egiten dute filosofiak, zientzia politikoak eta egintza erlijiosoaren soziologiak, ikerketarako ildo desberdinetatik: etika soziopolitikoa, kulturartekotasuna eta erlijioen arteko elkarrizketa eta genero ikuspegia.
Gaur egun, “ETAren estortsioa eta indarkeria, enpresari, kudeatzaile eta profesionalen aurka” ikerketa proiektuaren arduraduna da.
Argitalpenen artean hauek dira aipagarrienak: El Movimiento de Liberación Nacional Vasco, una religión de sustitución (2002); Género e inmigración. Encuesta de Ikuspegi a la población extranjera 2007 (2008); La opinión pública vasca ante la violencia de ETA. Una mirada retrospectiva (2011); Informe sociológico sobre los testimonios de las víctimas (2011).
Beste lan batzuen egilekidea ere bada: Conflictos, violencia y diálogo. El caso vasco (2004); Inmigración, identidades religiosas y diálogo intercultural (2008); Gesto por la Paz. Una historia de coraje cívico y coherencia ética (2013).