DeustoForum. “Deusto Notitia Vasconiae-n”
“Notitia Vasconiae. Diccionario de historiadores, juristas y pensadores políticos de Vasconia” Euskal Herrian orain arte egin den argitalpen historiografikorik osatuena da. Iura Vasconiae Fundazioaren ekimen horri esker, K.a. 200. urtetik gaur egunera arte eremu publikoan eta Euskal Herriko errealitate instituzional eta politikoaren eraketan zuzenean esku hartu zuten 1.199 egileren ahotsak biltzen ditu.
Lan entziklopediko ikaragarri horren berri eman nahi du Deustuko Unibertsitateak, lan horren IV. liburukia argitaratu berri den honetan, eta agerian utzi nahi du Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikasle ugarik ekarpen baliotsua egin diotela liburuki horri, Euskal Herriko zuzenbidearen, historiaren eta pentsamendu politikoaren garapenean mugarri izan baitira beren bizitzako urteetan.