Distopa\utopia _zineforuma: Blade Runner
Distopiautopia zikloan aztertu nahi dugu narratiba distopikoek nola baldintzaten dituzten eraikitzen ditugun etorkizunak, baita irudikapen utopikoen ekarpena aldarrikatu ere. Helburu horrekin, hainbat film ikusteko eta liburu irakurtzeko proposamena egin nahi dugu, gero elkarrekin lantzeko.
Lehen saio honetan Blade Runner pelikula ikusiko dugu, Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernándezek aurkeztuta, eta gero pelikularen gaineko solasaldi bat egiteko tartea ere hartuko dugu.
Blade Runner (1982, Ridley Scott) filmak, Philip K. Dicken Do Androids Dream of Electric Sheep? (Amets egiten al dute androideek ardi elektrikoekin?) liburuaren egokitzapen zinematografikoa, historian aurkituko dugun distopia sozialaren ikuspegi panoramikoa eskaintzen du. Filmak hainbat galdera planteatzen ditu, gizakiak bere buruari egin izan dizkionak betidanik: Nortzuk gara? Zenbat denbora geratzen zaigu mundu honetan? Pelikulak eszenaratze iluna erabiltzen du zientzia modernoaren eztabaidarik handienetakoa aurkezteko: makinek gure gizatasuna ordezka dezakete? Gu baino hobeak izatera irits daitezke?