Etika Aplikatuko Zentroak ‘Euskadiko gatazkaren eta indarkeriaren memoria eta historia’ bilduma aurkeztuko du Madrilen
Abiapuntu gisa, testu liburu, komunikabide, telesail, film, literatura-lan eta historia publikoko beste kanal batzuen bidez gizartean zabaltzen diren kontakizun historiko askotan indarkeria legitimatzeko eta/edo normalizatzeko joera iraunkorra dagoela egiaztatu zen. Eta ekimenak honako ideia honetan aurrera egin nahi zuen: pertsonen pentsamendu kritikoa eta kontzientzia historikoa garatzera bideratutako hezkuntza historiko egokiak indarkeriaren desnormalizazioan eta deslegitimazioan lagun dezakeela eta, beraz, bakea eraikitzen.
Ildo horretan, liburu monografikoek Euskadiren indarkeriazko iragana kritikoki ulertzeko funtsezkoak diren hainbat gai historiko eta/edo etiko jorratzen dituzte. Lanetako bakoitzak indarkeriaren erabilera “azaldu” eta justifikatu den “mito” bat hartzen du ardatz, eta, kontrastean, beste narratiba, azalpen eta dokumentu-iturri batzuk proposatzen ditu, irakurleak beren memoriari buruz kritikoki hausnartzera gonbidatzen dutenak. Liburuki bakoitzak gaztelaniazko eta euskarazko materiala jasotzen du.
Aurkezpena 19:00etan izango da, Madrilgo Sin Tarima Libros liburu-dendan (Magdalena kalea, 32 erdia), eta Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroko Angela Bermudez eta Izaskun Sáez de la Fuente proiektuaren arduradunek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko katedradun Antonio Riverak parte hartuko dute.
Orain arte argitaratutako liburuak:
– Garen iragana: nola hurbildu memoria pertsonaletara eta kolektiboetara modu kritikoan. (Angela Bermudez eta Izaskun Sáez de la Fuente).
– Errepresioaren aurpegiak Gerra Zibilean eta Gerraondoan Euskadin (1936-1965) (Javier Gómez, Pedro Barruso, Erik Zubiaga, Pedro Berriochoa, Ángela Bermúdez).
– Biktimen memoriak, memoriaren biktimak? (Galo Bilbao eta Izaskun Sáez de la Fuente).
Euskal gizartea, pluraltasuna pluralismorik gabe? (Antonio Rivera eta Izaskun Sáez de la Fuente).
– Patriarkatua eta motibazio politikoko indarkeriaren legitimazioa Euskadin. (Izaskun Sáez de la Fuente eta Ayala Maqueda).
– Biktimen aitorpena Euskadiko indarkeriari buruzko literatura-lanetan (Irene Gantxegi eta Galo Bilbao).
Liburu hauek gazte eta herritar arruntei zuzenduta daude batez ere, Euskal Herriko indarkeriazko iraganarekin lotuta dauden gaietan interesa dutenei, baita jardunean edo prestatzen dauden irakasleei eta erakunde publiko eta pribatuetatik giza eskubideen errespetua eta bakearen eta bizikidetzaren lanketa sustatu nahi dutenei ere.