Gizartegune XII. Genero indarkeria gazte eta nerabeen artean: hori desagerrarazteko prebentzioa, arreta eta sentsibilizazioa
Bizkaiko Foru Aldundiak bere Gizartegune espazioen hamabigarren edizioa garatuko du datorren astelehenean. Eztabaida eta hausnarketarako jardunaldiak izango dira eta, kasu honetan, honako gai hau izango du hizpide: “Genero indarkeria gazte eta nerabeen artean: hori desagerrarazteko prebentzioa, arreta eta sentsibilizazioa”.
Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak antolatzen duen jardunaldian (Deustuko Unibertsitateko Ehun Urteko Eraikinaren Auditoriumean) indarkeria matxistaren aurkako borrokan gazteekin lan egiten duten erakundeek (Beldur barik, Suspergintza, Gizakia Fundazioa: Hirusta, ERAIN, Fundación Luz Casanova eta Zirimiri bezalako erakunde eta programak) antolaturiko mahai-inguru bat egingo da.
Teresa Laespada sail honetako diputatuak azaldu duenaren arabera, gaur egungo emakume gazteek askotariko tratu txarren bidez jasan dezakete indarkeria; kontrola, jazarpena edo ziber-jazarpenaren bidez, esaterako. Indarkeria horiek, gainera, hainbat testuingurutan ematen dira: eskolan, teknologia berrien bidez, aisialdian, bikotearekin, whatsappetik edo sare sozialen bidez.
Jardunaldi honek emakume gazteek pairatzen dituzten indarkeria modu berriak argitze aldera hausnarketa sortzea du helburu: prebenitzeko mekanismoak erraztea, indarkeriak jasaten dituztenek behar dituzten babesak eta arreta berriz pentsatzea eta eragiten gaituen kultura matxistaren aurrean defentsarako gizarte mekanismoak hobetzea.
Laespada diputatuaren inaugurazioaren ostean, Madrilgo Konplutentse Unibertsitateko Psikologia Fakultateko María José Díaz-Aguado Jalónek (Berdintasunari eta genero indarkeriaren prebentzioari dagokienez Espainiako nerabeek izan duten bilakaera) eta Victoria Ferrer Pérez Generoaren Gizarte Psikologiako Unibertsitateko katedradunak (Gazte eta nerabeen arteko genero indarkeriaren adierazleak) hartuko dute hitza.
Gero, Montserrat Muñoz Sáez Emakumearen Andaluziako Institutuko Azterlan eta Programen Kabineteko buruak hartuko du hitza (Prebenitu, sentsibilizatu eta arreta eman: Emakumearen Andaluziako Institutuaren esperientzia).
Jardunaldia aipaturiko indarkeria matxistaren aurka gazteekin egindako laneko programa eta esperientziei buruzko mahai-inguruarekin amaituko da.
Gizartegune honetan izena ematea doakoa da, baina plaza erreserbatu behar da honako helbide elektroniko honetara idatziz: gizartegune@bizkaia.eus.