Masterclassa emango du Jonathan Paredes-ek, muduko jauzilaririk onenetarikoak
Jardunaldia 10:00etan hasiko da, Icaza Auditoriumean (Komertziala). Hasiera emateko, Red Bull Media House-k egindako ‘Ride to the Roots’ dokumentala proiektatuko dute, Jonathan Paredes mexikarrari buruzkoa. Salbeko zubian egingo diren Red Bull Cliff Diving jauzi lehiaketan parte hartzera etorri da Bilbora, eta, bide batez Deustura.
Ikasleekin egingo den topaketa horretan, Paredesekin batera izango dira Eleanor Smart eta Owen Weymouth, haiek dira ibai, itsaso, ozeano eta lakuetan plastikoek eragindako kutsadura murrizteko ‘Clean Cliffs’ izeneko proiektuaren arduradunak. Ekitaldiaren helburua da inspirazio iturri izatea altuera handiko jauziak gustuko dituzten atletentzat. Ekimen honen arrazoia izan da jauzilari profesionalek lehiatzera joaten ziren ia leku guztietan ikusten zutela plastikoek eragindako kutsadura. Horixe izan zen proiektu honen eragilea eta ideia sinple bat du funtsean: ingurumenean eragin mesedegarria uztea, gustukoen duten jardueraz gozatzen duten bitartean.
Jauzilariak
Jonathan Paredes (Ciudad de México, 1989) zirkuitoko jauzilaririk karismatiko eta adimentsuenetarikoa. Profesionala da 2010etik, jauzilari mexikarrak bere palmaresean du FINA de High Diving munduko txapeldunordea eta Munduko Red Bull Cliff Diving saria lortu zuen 2017an, beste mugarri batzuen artean. Jauzilari mexikarra aireko jauzilaririk plastikoenetakoa omen da, entrenamenduko errutinan balleteko formula ere erabiltzen du jauzi bitartean hankak luzaturik izateko eta malgutasuna eta gorputzeko indarra hobetzeko.
Bestalde, Ellie Smart (Estatu Batuak, 1997) jauzilari profesionala da Red Bull Cliff Diving zirkuituan, 2018tik. Zirkuituaren azken proban, Mostar-en (Bosnia), lehen podiuma lortu zuen lehiaketan.
Haur prodijioa altuera handiko jauzietan, Owen Weymouth (Plymouth, 2000). Espezialitate horretan, 13 urte baino ez zituela hasi zen, hasierako ahalegin guztiak 10 metroko altuerako tranpolinean egin ondoren. 2016an, lehen aldiz gonbidatu zuten Igeriketako Nazioarteko Federazioko lehiaketetan parte hartzeko, eta Red Bullen ere bai.