Eusko Legebiltzarraren V. simulazioa
Simulazioan, ikasleek legegintzako prozesu osoa simulatzen dute, Eusko Legebiltzarrarena eredu gisa hartuta. Hau da, ekimenak izapidetzen dira, hasieratik amaierara: testuaren idazketa, zuzenketa-fasea, eztabaida-fasea (ponentzian eta batzordean) eta azken eztabaida eta bozketa Osoko Bilkuran. Eusko Legebiltzarraren prozesua zehazki islatzen da: Gobernua, 75 legebiltzarkide, sei talde parlamentario, haien aholkulariak, txostenak, ponentziak eta osoko bilkura.
Eta aurten, azterketarako eta eztabaidarako erreferentzia gisa, Eusko Legebiltzarrean tramitatze bidean ari diren bi ekimen legegile hartu dira, hain zuzen ere, Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Lege-proiektua, eta Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legea bigarren aldiz aldatzeko Lege-proposamena. Bi hizkuntza ofizialetan ere lan egiten da: euskaraz eta gaztelaniaz. Eztabaidan sakontzeko asmoz, aurten hizkuntza bakoitzeko ekimen bakar batean zentratu dira.
Bi legegintza-ekimen simulatu horiek zuzenketa fasea gainditu zuten, eta ponentzian eta batzordeetan eztabaidatu dira. Azkenik, batzordeen irizpenak osoko bilkurara eramango dira.
Hori dela eta, bi osoko bilkura simulatu egingo dira guztira: lehenengo osoko bilkura Deustuko Unibertsitateko Bilboko campuseko entzungelan egingo da larunbatean, apirilaren 25ean, eta bertan eztabaidatuko da Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legea bigarren aldiz aldatzeko Lege-proposamen simulatua.
Beste osoko bilkuraren simulazioa Eusko Legebiltzarrean gauzatuko da, datorren astelehenean, martxoaren 27an, eta, horrela, egitasmoa bukatutzat joko da. Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Lege-proiektu simulatua. Saioa 11:00etan hasiko da, eta zuzenean streaming bidez jarraitu ahal izango da, Eusko Legebiltzarraren webguneko 3. kanalean.
Ekimen honen bidez jarduera parlamentarioaren irakaskuntza, ikaskuntza eta komunikazioko zenbait metodologia sustatzen jarraitzen dute bi erakundeek. Ganbera euskal herritarrren ordezkaritzaren gordailuzain denez gero, haren izaeraren, paperaren eta jardunaren inguruko prestakuntza eman nahi zaie gazteei.
Bosgarren urtez jarraian, ikasturte bakoitzean ekimenean parte hartzen duten ikasleek, legegintza-prozesu oso bat nola garatzen den lehen pertsonan ikasteaz gain, gaurkotasuneko hainbat gai landuko dituzte. Aurreko bost edizioetan, eztabaidagai izan dira, besteak beste, Kultu-lekuak edo -zentroak, Lanbide Heziketa, Gazteria, Kooperatibak, Memoria Historikoa edo Berdintasuna; eta 200 ikaslek baino gehiagok bete dute legebiltzarkide rola.