Eusko Legebiltzarraren VII. simulazioa
Deustuko Unibertsitatea, zazpigarren ikasturtez, Eusko Legebiltzarraren simulazioa lantzen ari da. Egitasmo hau, eztabaida taldeari lotutako ikasleek sortutako ekimena da, eta Eusko Legebiltzarraren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko etengabeko hezkuntza-lankidetzak ahalbidetzen du.
Simulazioan, ikasleek legegintzako prozesu osoa simulatzen dute, Eusko Legebiltzarrarena eredu gisa hartuta. Hau da, ekimenak izapidetzen dira, hasieratik amaierara: testuaren idazketa, zuzenketa-fasea, eztabaida-fasea (ponentzian eta batzordean) eta azken eztabaida eta bozketa Osoko Bilkuran. Eusko Legebiltzarraren prozesua zehazki irudikatzen da, Jaurlaritza, 75 legebiltzarkide, bost talde parlamentarioak, haien aholkulariekin, legelariekin, txostenekin, ponentziekin, batzordeekin eta osoko bilkurarekin.
Eta aurten, azterketarako eta eztabaidarako erreferentzia gisa, Eusko Legebiltzarrean tramitatze bidean ari diren bi ekimen legegile hartu dira, zehatz, Euskadiko gardentasunaren lege-proiektua eta Pentsioen osagarri bat bermatzeko neurrien lege-proposamena, herri-ekimenez. Bi hizkuntza ofizialetan ere egiten da lan, gaztelaniaz zein euskaraz.
Bi legegintza-ekimen simulatu horiek zuzenketa fasea gainditu zuten eta, ponentzian eta batzordeetan eztabaidatu dira. Azkenik, batzordeen irizpenak osoko bilkurara eramango dira.
Hori dela eta, bi osoko bilkura simulatu egingo dira martxoaren 28an. Lehenengoa Eusko Legebiltzarrean egingo da goizean eta bertan eztabaidatuko da Euskadiko gardentasunaren lege-proiektua (bertan behera geratutakoa Legebiltzarra desegin zelako 2024ko hauteskundeetarako deialdia egitean). Saioa 11:00etan hasiko da eta zuzenean jarraitu ahal izango da, Eusko Legebiltzarraren webgunearen kanalean.
Egitasmoari amaiera emateko, bigarren osoko bilkura Deustuko Unibertsitateko Bilboko campuseko entzungelan ospatuko da arratsaldean. Bertan eztabaidatuko da Pentsioen osagarri bat bermatzeko neurrien lege-proposamena, herri-ekimenez.
Simulazio honen bidez jarduera parlamentarioaren irakaskuntza, ikaskuntza eta komunikazioko zenbait metodologia ezartzen jarraitzen dute bi erakundeek. Hartara, euskal herritarren ordezkaritzaren gordailuzain den Ganberaren izaera, papera eta jardunaren inguruko prestakuntza eman nahi zaie gazteei.
Zazpigarren ikasturtez jarraian, ikasturte bakoitzean ekimenean parte hartzen duten ikasleek, legegintza-prozesu osoa nola garatzen den lehen pertsonan ikasteaz gain, aktualitateko hainbat gai lantzen dituzte. Kultu lekuak edo zentroak, Lanbide Heziketa, Gazteria, Kooperatibak, Memoria Historikoa edo Berdintasuna, besteak beste, eztabaidagai izan dira aurreko edizioetakoren batean, non 250 ikasle baino gehiagok legebiltzarkide rola bete duten.
