Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekano berriaren kargua hartzeko ekitaldia
Deustuko Unibertsitateak izango du Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Gorka Urrutia dekano berriaren kargu hartzeko ekitaldia. Ekitaldia 13:00etan hasiko da Paraninfoan, Francisco José Ruiz Pérez Gobernu kontseiluburua eta Juan José Etxeberria errektorea bertan direla.
Deustuko Unibertsitateko doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako eta Soziologiako lizentziaduna da Gorka Urrutia, irakasle titularra Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Sailean. 2015etik, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria da. Ikerketa-jarduerak 20 urte baino gehiagoko ibilbidea erakusten du eta giza eskubideak, erlijio-aniztasuna, migrazioak eta gutxiengoak ditu ardatz. Gai horiei buruzko ikerketa-proiektu lehiakor askotan hartu du parte, bai Espainian, bai nazioartean. Eusko Jaurlaritzak aitortutako “Giza eskubideak eta erronka soziokulturalak eraldatzen ari den munduan” ikerketako bikaintasuneko ikertaldeko kidea da.
Irakaskuntzaren arloan, graduko, graduondoko eta doktoregoko klaseak ematen ditu. Nazioarteko eta gizarte-mailako transferentzia profil nabarmena du. Espainiako Soziologia Federazioko (FES) Erlijioaren Soziologiako Ikerketa Batzordeko presidentea izan da. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzako aholkularia ere izan da erlijio-aniztasunaren arloan (2011 eta 2012), baita Joint European Master in International Migration and Social Cohesion (MISOCO) eta Latinoamerikako Lider Indigenentzako Giza Eskubideen gaineko Prestakuntza Programaren zuzendaria ere (Deustuko Unibertsitatea, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoarekin lankidetzan).
Gaur egun, IMISCOE migrazioen ikerketarako nazioarteko sarearen Batzorde Exekutiboko kide da eta aktiboki parte hartzen du organo aholku-emaileetan, hala nola Garapenerako Lankidetzako Euskal Kontseiluan eta Migrazio eta Asilorako Euskal Foroan. Gernika Gogoratuz Bakerako Ikerketa Zentroko patronatuko kidea eta Soziologia eta Zientzia Politikoko Euskal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea eta diruzaina da. Bere ibilbidean sari garrantzitsuak jaso ditu, Pluralismo eta Bizikidetzako I. Ikerketa Saria (2016), besteak beste, Justizia Ministerioaren Pluralismoa eta Bizikidetza Fundazioak emana.
