Innobasqueren Asteartean: STEMak, zergatik dira funtsezkoak XXI. mendeko hezkuntzan?
Europan 2020an lanbide guztietarako aurreikusten den %3ko hazkundearen aurrean, enplegu-eskaria STEMetan (Science, Technology, Engeneering and Maths) %14raino igoko da. Garbi dago lan-merkatuak gero eta gehiago eskatuko dituela zientzialariak, teknologoak, estatistak eta ingeniariak. Baina etorkizuneko lan edo beharrek, oro har, gaitasun eta trebetasun berriak ere eskatuko dituzte, eta hor STEMek garrantzi handia izango dute. Munduko Foro Ekonomikoak eta Boston Consulting Group-ek egindako azterketaren arabera, XXI. mendeko ikasle orok izan beharko dituen 16 trebetasunetako batzuk hauek dira: IKTak menderatzea, problemak ebazteko trebetasuna, pentsamendu kritikoa, sormena eta lankidetzarako irekita egotea .
Ikasleentzat, ordea, STEMak ez dira erakargarriak. Eta arazo hau lehentasunezko bihurtu da herri-administrazioarentzat, baita kezka-iturri enpresa, hezitzaile, bideratzaile eta ikastetxeentzat ere.
Datorren Innobasqueren Asteartean eskolan STEMen irakaskuntza nola berritu daitekeen ikasiko dugu. Ba ote dago teknikarik irakaskuntza hori erakargarriago bihurtzeko? Nola integratu genero-ikuspegia STEMen irakaskuntzan? Zer onura eskaintzen du IKTen erabilerak? Horretarako, ikasgela barruan eta kanpoan garatzen diren jardunbide egokiak ezagutuko ditugu.
Parte-hartzaileak:
- Begoñazpi Ikastola . “Xakea ikasgeletan”
- Elhuyar Fundazioa. “STING europar proiektua”
- Berritzegune Nagusia. “Zientzia hezkuntza eta GoLab”
- Deustotech. “Trastea club”
- Besteak
Deustuko Unibertsitatearen laguntzaz.