A. José Ramón Scheiflerren oroimenezko meza
Ia berrogeita hamar urte eman zituen irakaskuntzan, curriculumean eta curriculumetik kanpo, eta, Jose Maria Guibert errektoreak dioenez, P. Scheifler berezia izan da Deustuko Unibertsitatearen historian, Teologiako dekanoa eta Idazkari Nagusia ere izan baitzen. Askori lagundu zien fedean, mitoak desmuntatzen eta benetakoan sakontzen. Bere ikasle, ikaskide eta lagunek oso gogoan dute, “Gizon librea izan zen, oso langilea, zorrotza eta nortasun handikoa: irakurri eta pentsarazi egiten zigun irakasleetako bat zen”, gogoratzen du errektoreak, 1989an bere ikasle izandakoak.
Aita Scheifler protagonista izan zen, beste lankide batzuekin batera, Teologia Fakultatea Burgosko (Oña) herri baztertu batetik Bilboko hirigune garrantzitsu batera lekualdatu zenean, Jesusen Lagundiak teologia prestakuntzak unibertsitatetik gertu eta hiri inguruneetan egon behar zuela erabaki zuenean. Hurrengo urteetan, Deustuko Unibertsitatetik, teologia gaiei buruzko mintegi eta eztabaida ugari antolatu zituzten, ehunka parte hartzailerekin, Vatikanoko II. Kontzilioaren ideietatik abiatutako Elizaren bizitza berritzeko garai batean.
Deusturekiko lotura 1962an hasi zen. Eta azken ikastaroa DeustoBide Herritartasun Eskolan emandako “Zientzia eta fedea” izan zen. “Agian irakaskuntzako errekorra egin du Deustuko Unibertsitatean. Ez dakit inor egon den hainbeste denboran ikastaroak ematen”, adierazi du errektoreak, eta herriarekin izan duen konpromisoa azpimarratu du: “Herriari eragiten dioten gai askoren analista zintzoa izan da. Arrazionaltasuna eta irizpide humanistak jarri ditu eztabaidetan. Idazteko eta irakasteko izan duen zaletasunak zerbitzuz bete du bere bizitza.
“Ehun urterekin Jainkoari, bizitzari eta heriotzari buruzko galdera existentzialak egiten zituen oraindik, eta grinaz bilatzen zituen erantzun berriak”, gogoratu du errektoreak. “Jose Ramon 101 urterekin joan zaigu, eta atzo arte jesuita zaharrena izan da, ‘dekanoa’, jesuiten probintzian dauden ia mila horietatik. Bere azken elkarrizketetako batean “nire motibazioa beti jendeari hobeto bizitzen laguntzea izan da” esan ziola gaineratu du. Goian bego!
Deustuko Unibertsitateak haren aldeko meza egingo du ostiralean, urriak 1, 19:00etan Kapera Gotikoan.
P. José Ramón Scheifler zendu da.