“Hircocervusa eta amandrea: Euskal subjektu zatikatua Larramendiren diskurtsoan” liburuaren aurkezpena
Manuel Larramendi jesuita eta euskaltzale andoaindarraz egun irudi anitz egiten ditugu, sarritan bateragaitzak, baina guztiak ere bere lanez egin izan diren unean uneko irakurketetan oinarrituak. Irudi multzo anitz eta alde askotatik bateragaitz horretan oinarrituta, ikerketa lan honek bere buruari jarri dion helburu nagusia izan da Larramendiren diskurtsoari dagokion euskal subjektuaren kontraesan itxurako zenbait arakatzea egun nagusi diren interpretazio ildo ugarietariko batzuen arabera.
Larramendiren diskurtsoaz nabarmendu izan diren kontraesan eta pitzadurak izan dira azterketa bideratu duten ardatzak. Hiru dira horretarako erabili diren ikerguneak. Lehena hizkuntzaren eremukoa da eta honela labur daiteke: gaztelaniaren erabilera euskara defendatzeko. Bigarrena euskal kulturaren eremuari dagokio eta honela labur daiteke: eliteko kulturaren baliabideak erabili izana herri kulturaren osagai hautatuak goratzeko (euskal dantzak, esate baterako, baina ez ahozko literatura). Hirugarren kontraesana eremu politiko-juridikoan txertatzen da eta honela labur daiteke: Monarkia Hispanikoaren baitako foruzaletasunetik Pirinioetako Probintzia Batuen Errepublikara. Azterketaren emaitzan ageri denez, laburpen horiek ñabardura ugari eskatzen dute. Izan ere, Larramendirena bezalako diskurtso konplexu, oparo eta askotarikoa ez baita erraz epaitzen formulazio laburren bitartez.
Ordukoak bezala, egungo euskal subjektuak ere etengabe erabaki behar du zeintzuk izango dituen desira egingarriak eta zeintzuk geldituko zaizkion mamuzko eldarnioen artean, Larramendiren aldian kimera edo hircocervusaren irudiez adierazitako horien eremuan. Edozer direla subjektu horrek gauzatuko dituen aukerak, bereizketa prozesu horretan Larramendiren diskurtsoaren berri izatea nahitaezkoa du, modu eredugarrian erakusten duenez gero borondatearen eta hausnarketa kritikoaren balioa.